Munduan zehar, herrialde garatutzat jo direnak, Ingalaterra, Alemanian, Suedian, eta E.E.B.B., esate baterako, gero eta gehiago dira eskola segregatuak. Eskola mistoaren alde sutsuki borrokatu zuten hainbat feministek. Baina orain, bereizketaren alde hasi da hitz egiten.
Heziketa segregatuaren aldekoen argumentu nabarmenena hurrengoa da: bereizita emaitza akademikoak hobeak dira, bai nesketan bai mutiletan ere. Heldutasun psikologiko eta biologikora iristeko erritmoak desberdinak direla argudiatzen dute segregatuaren aldekoek, mutilak beti arrastaka dabiltza, nesken atzetik. Horra hor mutilen eskola porrotaren arrazoietako bat. Mutilen autoestimuak behera egiten du etengabe. Neskek, bakarrik arituz gero, azkarrago egingo dute aurrera ikasketetan. Arrazoi gehiago ere badituzte segregatuaren aldekoek. Eskola mistoek ez dute lortu generoen arteko berdintasuna, sexuen arteko borrokak ikasgeletan segitzen du, genero bortizkeriak hor jarraitzen du.
Eskola mistoaren aldekoek ez dute zalantzarik, ikastetxeko atea irekitakoan haurrek egokitu zaien munduan bizi behar dute eta mundu horretan emakumeak eta gizonak batera bizi dira. Gizarte horretan bizitzeko prestatu behar dira, elkarbizitzarako. Gizartean apurtuta dagoen genero oreka, berdintasuna, eskolan lortzen saiatu behar da. Denek izango dituzte aukera berak, neskek eta mutilek, ikasgaiak aukeratzerakoan, unibertsitatera joatean, lanbidea hautatzerakoan.... Hain justu eskolak lagundu behar du gizarteko generozko estereotipoak puskatzen.
Emaitza akademiko hobeak lortzen dituztela neskek eta mutilek bereizita? Izan liteke, nahiz eta ikerketa horien zientifikotasuna zalantzan jartzekoa den. Emaitzak hobeak balira ere eskola mistoak ez du lehentasuna horretan; elkarbizitza da helburu, ez nota bikaineko ikasleak izatea.
Ez da nahikoa ikasgelan elkarren ondoan esertzea, propio landu behar da gaia: hezkidetza edo koedukazioa deitzen zaio horri. Eta irakaskuntzako eragileek aitortu dute ez dagoela berdintasuna lortzeko plan sistematikorik, ez behintzat Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan. Hezkidetza teorian bai, baina praktikan irakasleen borondatea eta instituzioen akzio puntualak daude.
Nola lortu berdintasuna besteak ezagutzen ez badituzu?
Segregatuaren aldekoek diote eskubide berberak dituztela denek eta horretan saiatzen direla, baina ikasleek eskolan gizarteko errealitatea ez dute ezagutzen eta berdintasunaren aurkako presio soziala handia da.
Helburua ez da neska-mutilak bereizita heztea, elkarrekin aritzera heltzeko abiapuntua baino ez da banaketa.
Atzo goizeko kontua da eskola segregatuena, askok ikasiko zuten neskak neskekin eta mutilek mutilekin. Hurrengo belaunaldiari munduko gauzarik arruntena egigo zaio neska-mutilak batera ikastea, eskola curriculum bera izatea. Aurrerapausoak handiak izan dira, baina agian, batzuek amestu baino txikiagoak. Generoen arteko ezjakintasunak, errespetu faltak, estereotipo errepikatuek, gu eta besteak-en erreprodukzioak... ikasgeletan jarraitzen dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario